1936ko gerra zibilean izandako gertaerak gogora ekartzeko aukera izan genuen Intxortako magalean.
Urriaren 22an, igandea, goizeko 10etan Elgetako herriko plazan genuen hitzordua. Hogei bat pertsona inguru biltzekoak ginen bertan eta nahiz eta eguraldi euritsua izan, pixkanaka denok inguratu ginen.
Amaia eta Elenak, dena prestatu ziguten eta 10.30etan Espaloia Kafe Antzokian hasi genuen bisita gidatua. Lehenik, 15 minutuko dokumentala ikusi genuen eta ondoren kafe antzokian bertan dagoen erakusketa. Bertan, garaiko hainbat arma, tresna, dokumentu, etab. dago ikusgai, maketa eta azalpen grafikoek osatzen dutelarik informazioa. Gainera, Nereak, goiz osoan zehar izan genuen gidak, azalpen guztiak eman zizkigun orain dela 80 urteko historia ulertzeko.
Eguraldiak hobetzera egingo zuenaren itxaropenarekin bisitaren bigarren zatiari ekin genion. 5 km inguruko ibilbide tematikoa da frontearen kokalekuetan barrena, berreskuratu diren babesleku, lubaki eta parapetoak ikusgai daudelarik. Eguzki izpi batzuk ere izan genituen eta azkenean zortea izan genuen ibilaldian, aterkia momentu gutxitan ireki genuelako. Euriak leku batzuk lokaztu eta irristakor bihurtu zituen arren, inork ez zuen galtzik zikindu eta bazkaltzeko ordurako Elgeta herrian ginen.
Bazkaria bertako jatetxe batean egin genuen eta tripa ongi bete ondoren, hurrengo batean denak berriro biltzeko esperoarekin, agurtu ginen.