Farmaburua Atala

    2015: CINFA Laborategi Farmazeutikoa

    2015eko “FEUSE Farmaburua” CINFA laborategiko lehendakaria den Enrique Ordieresek jaso zuen elkartearen XX. Batzar Orokorra bukatu zenean. Ibon Mokoroak, FEUSEko lehendakaria, berak luzatu zion sariaren ikurra, laborategiak egin duen lana euskararen erabilera normalizatzeko azpimarratuz, bai FEUSEren bilakaeran lagunduz eta baita ere azken urte hauetan euskararen agerpena laborategi nafarraren materialetan bultzatuz. argazkia.

    2011: Pello Iturria

    FEUSEren zuzendaritza batzordeak aurtengo Feuseren Farmaburua Pello Iturria jaunari ematea deliberatu du. Pello arras ezaguna dugu gure elkartean, sortu zenetik FEUSEko Zuzendaritza Batzordeko kidea izan baita. Euskara eta farmazia uztartuz hamaika dira 1979tik Iruñeko Estafeta kalean dagoen farmaziako titularra den farmazialari honek egindako lanak, eta horrek eraman gaitu FEUSEko zuzendaritzari bere ibilbidea saritzera.

    Iturria jaunaren curriculumean honakoak zerrendatu ditzakegu:

    • Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialak hiru hilez behin argitaratzen duen aldizkarian euskarazko orrialde bat idazten du 1996tik.
    • NAFARCO medikamentu enpresa  banatzaileak bi hilean behin argitaratu zuen  aldizkarian orrialde bat idatzi zuen euskaraz 2004-2008 urteen artean.
    • Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko kidea 1996 urtetik aurrera.
    • UEUko kimika sailean osasun arloko gai ezberdinak jorratuz parte hartu du urte ezberdinetan.
    • Hitzaldi ezberdinak eman ditu: Atropa belladonaren ingurukoa, eta beste sendabelar batzuen ingurukoak, baita medikamentu generikoen ingurukoak ere.
    • Cannabisaren alderdi ezberdinak eta ezaugarriak liburuaren egilea 2004 urtean.
    • Farmazia Hiztegiaren egileetako bat 2002 urtean.
    • Euskarazko irratietan parte hartzea kolaboratzaile moduan farmazia munduko gai bati buruz aritzen delarik. Beste euskal komunikabidetan ere askotan parte hartzen du.

    Argi dago FARMABURUA emateko hamaika arrazoi dituela gure elkarteak. Pellok farmazia munduan euskararen normalizaziorako egindako lana itzela izan baita.

    2009: Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko Euskara Taldea

    Elkarteko Zuzendaritza batzordeak, atsegin handiz, 2009ko Feuseren Farmaburua Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko euskara- taldeari ematea erabaki du.

    Taldea, Elkargoko lan-talde moduan, ofizialki, 2004an sortu zen. Gaur egun, hamaika farmazialarik osatzen dute taldea. Hauexek dira: Batirtze Tranche, Beatriz Fortes, Goizeder Uria, Naia Erkoreca, Noelia Sanchez, Sonia Sanz, Iban Gutierrez, Izaskun Gorostiaga, Jokin Txakartegi, Koldo Gorostiaga eta Sonia Saenz de Buruaga.

    Urteotan, farmazia arlo desberdinetan lan anitz burutu dituzte. Jarraian laburbiltzen dira horietako batzuk.

    Euskaraz idatzitako prospektu asko Sendagaiak aldizkarian argitaratu dituzte, baita Elkargoko webgunean ere.

    Gaixoei zuzendutako osasun-hezkuntzari buruzko Día a día de la práctica farmacéutica-n gomendioak argitaratu dituzte euskaraz, baita Elkargoko webgunean jarri ere.

    Horrez gainera, Argibideak buletinean zenbait artikulu idatzi dituzte euskaraz. Halaber, BiFEOren webgunean ?euskara txokoa? sortu dute eta, euskaraz egindako lanak eta link-ak jartzen dituzte bertan.

    Elkargoak antolaturiko prestakuntza- ekintzen artean, lehenengo hitzaldia euskaraz antolatzea lortu dute; hiperaktibitateari buruz izango da; martxoan, hain zuzen.

    Horrez gain, 2006-2007an, Bizkaiko farmazietan euskararen jakitemaila eta erabilpenari buruzko lan bat burutu zuten. Orain arte, antzekorik inoiz egin ez dena.

    2007: Miren Eskarne Fuldain

    Miren euskaraz bizi da bere Getariako farmazian. Bere pazienteei eta lagunei zuzendutako hamaika osasun-txartel eta osasun-aholku euskaratu ditu eta gero, egindako lana beste lankideoi eskaini. Mirenek uste osoa du bere farmazian paziente eta lagun euskaldunekin euskaraz aritu behar dela eta uste hori zintzoki betetzen du.
    Bestalde, maisu-formulak egin ahal izateko ehun bat erabilera-orri prestatu ditu euskaraz eta gero, lan baliagarri hori lankideoi eskaini.
    Arrazoi guzti hauengatik, Mirenek FEUSEren Farmaburua jaso zuen 2007ko apirilaren 1.ean Getarian.

    2005: EHUko Farmazia Fakultatea

    1995ean bost irakasle hasi ziren lehenengo aldiz eskolak euskaraz ematen EHUko Farmazia Fakultatean. Bost irakasle aitzindari haiek izan ziren Aintzane Asurmendi, Gontzal Garcia del Caño, Mailo Virto, Pedro Arciniega eta Rosario Berraondo. Hamar urte hauetan EHUko Farmazia Fakultatean euskararen erabilera normalizatzearen alde egindako lana eskertu nahian, Farmazia Fakultateari eman zitzaion lehenengo FEUSEren Farmaburua.
    Ikurra fakultateko dekano Aurora Fernandez Astorgak jaso zuen FEUSEko lehendakari Pello Iturriaren eskutik, 2005eko apirilaren 3an Bastidan ospatu zen ekitaldian eta bertan izan ziren, Aurora Fernandez Astorgarekin batera, Aintzane Asurmendi, Gontzal Garcia del Caño eta Mailo Virto.